dakit argitaldaria - logotipoa

2022/10/15

Urriaren 18an, asteartearekin, Donostiako Liburutegi Zaharrean (sarrera Plaza Berritik) eguerdiko 12,00etan ekingo diogu hiru liburu berrien aurkezpenari.

Prentsaren aurreko aurkezpena burutzea bagoaz, edonork ager daiteke ekitaldira.


oharra: Aurkezpenera joaterik ezin bada, ekitaldia zuzenean eta irekian @fitobornaetxea twitter kanalaren bidez zabalduko da.





















Azpian agertzen diren Gonbiteak zuk jasotzeko daude.

2022/08/04

liburu azoka 2022 - Ziburu

Maite Ramos Fernandez irakasle eta irudigileak Harrien ametsa izeneko erakusketa abiatu du Iruñean. Aurten Maite Ramosen eskuak ederturik agertu da gurean Zuihitsua, idazlumari jarraiki liburuaren azala. Iruñeko Geltoki izeneko gunean, gogoratu leku hau arestian autobusen geltokia izan zela. Leku eder honetan Maite Ramosek akuarela eta tintaz sorturiko hamabost  margo-lan erakusten ditu.

Erakusketa honetan harrien eta metalen indarretan oinarritutako margo-lanak ikusgai daude. Harrien ametsa izena daraman erakusketa honetan; betiere surrealismo ukitu batez.


Nora jo: Geltoki (Iruñea), autobus geltoki zaharra.
Noiz: abuztu osoan.
Kokapena: Conde Oliveto etorbidea, 6 behea. Iruñea (Nafarroa Garaia)
Ordutegia: 11:30etatik – 17:00ak arte



2022/06/13

Josu Jimenez Maia – Sabin Oregi Zarautz


Ekainaren 13n. Ekaineko astelehen buruzuri baten arratsaldeko zazpietan abiatu da azken urteotako topaketa interesgarrienetariko bat Iruñean, Nafarroako Liburutegian, Euskal Literaturaren bi erraldoiren topaketa: batetik, Txomin Peillen, idazlea eta euskaltzain emeritua,; bestetik, Joseba Sarrionandia, idazlea eta euskaltzain urgazlea. Bi erraldoiak eseri dira bata bestearen aurrean. Txomin Peillen Karrikabururen idazlanak eta bizitza aztertzea eta jendaurrean ezagutzera ematea izan dute antolatzaileek xede.







Clara Flamariquek, Nafarroako Liburutegiko zuzendariak, hasiera eman zion ekitaldiari.


© Argazkia: Sabin Oregi 


Zazpietan lau pertsona igo ziren taula gainera, emakume bi eta gizon bi. Lehenik, Nafarroako Liburutegiko zuzendari Clara Flamariquek abiatu zuen solasaldia proiekzio aretora agertu zen jende andanari modu berezian eskerrak emateko. Ondoren, Nafar Ateneoko euskara eledun Ines Castiellak, ekitaldi hau antolatzen lan eskerga hartu duenak, solasaldia eta partaideak aurkeztu zituen. Gero, Josebak azaldu zuen zein girotan sortu zen Txomin, gugandik hain urrun dagoen Parisen. Nolanahi, Txominek Zuberoan, amonaren etxean, egonaldi luzeak egiten zituen. Hartara, Zuberoan bizi zelarik gerra piztu zen, eta gosete galanta bizi zutela gogoratu zuen Txominek. Gerra amaituta, Parisera joan ziren; han ere, luzaroan, gosetea.


Umezaroko kontuen berri eman eta gero, Josebak galdetu zion nola murgildu zen idazketaren munduan, baita  noiz eta zein egoeran ere ezagutu zuen Jon Mirande. Txominen gurasoek Montmartre auzoa aukeratu zuten bizitzeko, eta auzo horretan bizitzea abantaila izan zen “artistak han biltzen ziren eta”. Hortaz, han bizitzea abantaila paregabea izan zen Txomin gazte sortzailearentzat jende ugari ezagutzeko; besteak beste, Jon Mirande. Era berean, Andima Ibiñagabeitia ezagutu zuen Euzko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitzan, eta hark erakutsi omen zion Txomin gazteari abertzalea eta nazionalista hitzen arteko ezberdintasuna: “Etxe honetan nazionalista ugari aurkituko dituzu, baina ez dakite euskaraz; alta, abertzaleok euskaraz mintzo gara”. Harentzat baliokideak ziren adierak, orduan ikasi zuen bereizten. Giro abertzale horretara inguratuz jende aunitz ezagutu zuen Txomin gazteak. Hartara, Txomin Peillenen bizitzan Jon Mirande idazlea eta olerkaria agertu zen.






Txomin Peillen eta Joseba Sarrionandia.

© Argazkia: S.O.Z.


Jon Miranderen Haur besoetakoa eleberri ospetsuaren haritik, Txomin Peillenek esan zuenez, “modu batez berari erantzuna emateko idatzi dut Minotauro” (Alberdania, 2020). Nobela horrekin batera, idazle zuberotarrak aitortu zuen “bekatu txiki bat” eskuartean jasotzen zuelarik El imaginario en las creencias populares y cultas (Dakit, 2020) izeneko “liburu potoloa”, gaztelaniaz idatzia. Txominek gehitu zuen: “eta hori ez da egin dudan bekatu bakarra”, Bosquejos vasco-uruguayos (Dakit, 2004, 2022) eskuartean hartu eta entzuleei liburua erakusten zigularik.


Txominen eskutik sortu den euskarazko uzta oparoa aipatzen hasi zen Joseba, besteak beste, Gauaz ibiltzen dena (Itxaropena, 1967), Itzal gorria (Itxaropena, 1972) eta Gatu beltza (Gero, 1973) genero beltza edo poliziakoaren arloari dagozkionak.

Iurretako idazleak azpimarratu zuen berarentzat deigarria izan zela Paristar euskaldun bat (ni neu) (Kriselu 1987)  liburua. Erantzun modura, Parisen sortutako idazleak gogoratu zuen berak umorea erabiltzea beti izan duela gogoko, eta aipatu zituen modu berezian Ale berdeak (dakit, 2004) eta Nina Waita, arupu baten itzalean (Utrisque Vasconiae, 2015). Lehenaz azaldu zuen “literaturan zein gizartean agertzen ari zen erotismoaz trufatzeko modu bezala idatzi zituela ipuinak”. Bigarrenaz, ordea, Hego-Amerikan kokatutako istorio garratza duela bere atzean.


Bukatzeko, Joseba Sarrionandiak gaur egungo literatur sorreraz zerbait adierazi nahi izan zuen. Esan zuenez, emakume idazle asko, oso positiboa dena. Orobat, egungo liburutan ia-ia ez dago akatsik, eta zuzentasuna nagusitu da, agian ordenagailuaren zuzentzaileagatik. Berebat, egungo idazleek ikasketak eginak dituzte, eta horrek berdintasun bat erakusten du. Alta, nabarmendu nahi izan  zuen gaur egungo idazleen artean ausardia gutxi agertzen dela idazteko tenorean, politikoki polit izan beharrez, esango genuke guk. “Heterodoxiak umorea ematen du; literatur bizia egiteko inkorrekzioa” behar da. Horren kari Txominek gehitu zuen, ez ironiarik gabe, “agian zuzentzailea gelditu egin behar da, ez da erabili behar”.


Txalo beroen artean amaitu zen Euskal Literaturaren —letra larriz idatzia— bi erraldoi horien arteko solasaldi ederra.


Zein ezusteko eder gehiago eskainiko duen Nafar Ateneoak, zain eta goait gelditzen gara.





liburu azoka 2022 - Ziburu
Peille - Sarrionandi erraldoiak Iruñean - 2

Ondoan ikusgai dago Nafarroako Liburutegiak jaso duen bideoa:

Solasaldia:

©  Nafarroako liburutegia, 2022

2022/06/09

Ekainaren 9n. Eguna heldu da. Zuihitsua, idazlumari jarraiki liburua aurkezteko eguna heldu da. Nafar Ateneoko euskara eleduna den Ines Castiellak zuzendu du ekintaldi osoa. Bazter batean eseria da bera; jendearen aurrean, liburuaren egile den Josu Jimenez Maia, ondoan Tere Irastortza idazlea eta Sabin Oregi editorea dituela. Editoreak bertan bildu direnei ongietorria eta eskerrak eman dizkie, bereziki Nafar Ateneoa eta Karrikiri elkartea gogoan izan dituelarik, ekintaldia aurrera eramateko eman duten laguntza dela eta..






© Argazkia: Nerea Balda 


Ondoren, Tere Irastortzak hartu du hitza. Eskertu dio idazleari bereziki idaztearen alorrean egin duen saiakera dela eta. Horrelako lan gutxi agertzen direnez gero, eskertzekoa da beste lurraldeetako jendeek dituzten idazteko erak ezagutzea, horrek duen garrantziaz oharturik. Ildo horretatik azaldu du orain arte ezagutzen ditugun haikua eta kamishibaiaz gain, orain, liburuan zuihitsua zer den agertzen duela Josu Jimenez Maiak, japoniar kulturaren zale denak. Liburuan, eranskin modura, lurralde haietan sortu zuten gauzakien museoa egituratzerakoan erabili duten filosofia erakusten duten idatzien euskaratzea gehitu du.







© Argazkia: Xabi Lasa Gorraiz




liburu azoka 2022 - Ziburu

2022/06/06

liburu azoka 2022 - Ziburu

Ekainaren 9n, Ines Castiellak zuzendurik Tere Irastortza idazleak aurkeztuko du Iruñako Karrikiri elkartean (Xabier karrika, 4) Josu Jimenez Maira idazleak prestatu duen Zuihitsua, idazlumari jarraiki izena daraman liburua.



bertara joateko begiratu hemen


liburu azoka 2022 Egitaraua - Ziburu

Josu Jimenez Maira Zuihitsua, idazlumari jarraiki  liburuaren egilea.



Argitaletxe hau Zarautzen dago kokatuta. 

Gurekin harremanerako posta-elektronikoa:     info( @ )dakit.eus