dakit argitaldaria - logotipoa
Literaturia 2022 - Zarautz

Ostiralean hasita, igaro den asteburuan Zarautzeko herrian Literaturia izan da. Larrabetzun jaio zen euskarazko letrak biltzeko eta hurbiltzeko ekimena Zarautzen egiten da azkeneko hamabi urte hauetan. Ez da soilik liburu berrien erakusleihoa, bertan solasaldiak, kontzertuak, liburu aurkezpenak, besteak beste, zabaltzen dira herriko zenbait gunetan.

Horrelako bilkuretan saltzeaz gain, irakurleak ere parada izaten du zenbait idazleren sinadurak biltzeko aukera, eta baita sortzaile askori entzuteko solasten eurek egin duten lanaren inguruan. Aurtengo ekitaldien artean nabarmena izan zen Pello Uzurrunzagak jaso zuen oroigarria. Bere aitonak sortu zuen Itxaropena argitaldaria. Patxi Uzurrunzaga gerra ostean hasi zen euskarazko lanak argitara ematen, lehen lanak 1947ko irailaren 9an ikusi zuen argia: euskaraz idatzitako poema erlijioso eta folklorikoak ziren haiek, eta kostaldeko herri honetan bere oporrak igarotzen zituen Pedro Roccamora Francok (Espainiako Prentsa eta Propaganda zuzendari orokorra) argitara emateko lizentzia eman ondoren. Urte batzuk geroago Kulixka sorta izeneko bilduma jaio zen Itxaropena etxearen inprimategian. Lehen lana itzulpen bat izan zen: Noni eta Mani, Svenssonen lana. Ondoren Jon Etxaide, Salbatore Mitxelena eta Xabier Lizardi zarauztarrak, edo Txomin Agirre, Joan Antonio Mogel, Txomin Peillen…, eta Camilo José Cela (Paskual Duarteren sendia) edo Ernest Hemingwayren (Agurea eta itxasoa) agertu ziren aipatu Kulixka sorta horretan.

Asteburuan izan zen eguraldi eguzkitsuak kostaldeko herrian biltzeko parada ederra eskaini zuen.

Argitaletxe hau Zarautzen dago kokatuta. 

Gurekin harremanerako posta-elektronikoa:     info( @ )dakit.eus